Duela hiru urte Hungarian garaipena lortu zuen Renaultek, azken aroan darabilen Alpine izenpean. Red Bullez gaindi beste inork irabaztea ia ezinezko bilakatu den honetan, halako garaipen soilek badute beren garrantzia. Esteban Ocon-ekin lortu zuen, frantziar batek talde frantziarrean. La patrie-ren handitasunean sakontzeko, Pierre Gasly fitxatu zuten iaz.
2023koa ez zen denboraldi txarra izan, Monakon eta Herbeheretan podiumak lortu zituzten, bakoitza gidari batekin. Hala eta guztiz ere, taldeak beherakada baten hasieraren alarma jaso zuen txapelketan. 2017an 6. izan ostean, hurrengo urteetan bosgarren edo laugarren amaitu zuten. Iaz berriro seigarren posturaino jaitsi ziren. Aurtengo urtea ezin okerrago hasi zuten, parrillako autorik mantsoena baitzen Bahrainen. Oraintxe zortzigarren postuan daude, bost punturekin. Alderatze aldera, iaz bederatzi lasterketa eta gero bosgarren postuan ziren 47 punturekin.
Toki zaila zuen Renault-ek 1 Formulan, azkenaldian hartzen ari den tankerarekin. Liberty Media-k harut zuenetik, 1 Formula puntako edo premium kutsuz janzten ari dira. Renault-ek ez du goi mailako gamarik, eta tokia aurkitu ezinda zebilen. Hala, Alpine marka erreskatatu eta taldeari izena aldatu zion. Baina Alpine txikikeria bat da Aston Martin, Mercedes edo Ferrariren gisako salmenten aldean.
Identitate arazoaz gain, orain errendimendu arazoak pilatu dira. Esteban Ocon-ek dagoeneko esan du aurtengoa izango dela bere azken urtea, talde barnean gero eta deserosotasun handiagoa nabarmenduz. Talde teknikoak ere figura garrantzitsuak galdu ditu eta paddock-ean taldea deseginez doan ustea zabala da. Hori gutxi balitz, ostegunean aireratu zen taldeak motoreak ekoizteari utzi eta Mercedes motoreen prezioaz galde egin duela.
Baina guztia hankaz gora jarri duen albistea Flavio Briatore-ren fitxaketa izan da. Italiarrak 74 urte dauzka eta 1 Formula bizitza osoko zigorra jarri zion 2008ko Singapurreko lasterketan Nelson Piquet Jr.en istripua orkestratzeagatik, Pat Symonds-ekin batera (honek 5 urtekoa), Crashgate bezala ezagutzen den gertaeran. Gerora Frantziako tribunaletan epai hori atzera botatzea lortu zuen Briatorek, baina FIArekin adostu zuen ez zela 1 Formulara itzuliko, ez bederen epe luze baterako. Horren guztiaren ondorioz, FIAk Renault zigortu zuen, txapelketatik kanporatuz. Berehala zigor hori suspentsoan utzi zuten, bi urtez.
Atzo Bruno Famin Renaulteko arduradun nagusiari galdetu zioten zer uste ote zuen halako iragan zikina duen norbait fitxatzearen inguruan: “Dagoeneko erantzun ditut iraganari buruzko galderak. Ez zait axola iragana, aurrera begira bizi naiz beti, gure taldea hobetzeko zer egin dezakegun buruari galdetzen. Eta hori da benetan gure helburua. Eta Flavio taldeko aholkulari izatearekin ikusten dudana bere esperientzia izateko eta guri laguntzeko aukera da. 1 Formulako oso maila altuko ezagutza du. Jende asko ezagutzen du. Eta ziur nago taldea azkarrago eta hobeto garatzen lagunduko gaituela. Hori da guztia”.
Zein da orduan Renaultek fitxaketa honekin zabaldu nahi duen irudia? Zein dira taldearen baloreak? Nire ustez, kontraesan sakon batean erori da taldea. Nolabait ondoriozta daiteke edozer egiteko prest daudela berriro irabazteko, deabruarekin ituna sinatzea bada ere. Baina geste aldetik, taldea desegiten ari da.
Ondorio posibleen jokoan hasiz gero, teoria asko daude. Haietako bat, taldeak inola ere babestu ez duena, Andrettik 1 Formulan sartzeko asmoa duenez gero, taldea hari saltzea da. Andrettik dagoeneko akordioa lortu du Cadillac izeneko motoreekin itzultzeko. Hauek ez dira motorea eraikitzen ari, baizik eta edozein motore erosi eta hura haien izenarekin bataiatuko lukete. Gutxi axola zaie, hortaz, motorea Renault/Alpine izan ala Mercedes Benz.
Beste teoria bat Briatorek taldea erosteko lehen pausoa izatea litzateke. Renault/Alpine noraezean dabilen taldea izaki, italiarra kontseilari gisa fitxatu izana estalki bat litzateke hark osatuko lukeen erosle elkarte bati saltzeko.
Edonola ere, Briatoreri kiratsa dario eta horrekin batera Renault/Alpinek hartutako erabakia onartezina iruditzen zait.