Bartzelonako proben amaiera: Vettel buruan

Ia egunero gertatu den bezala, Ferrari auto batek amaitu du lehen postuan Bartzelonako azken proba saioa. Ohitura bilakatu den bezala, denbora onena Ferrarik egin du baina txingurri lana Mercedesek. Zortzi egunetik bostean lortu du Ferrarik denborarik onena, hirutan Vettelekin eta bitan Raikkonenekin. Gaurko denbora onena pneumatiko super biguinekin lortu du Vettelek, eta goma haiekin zortzi egunetan zehar inork markatu duen denbora onena izan da alemaniarrarena.

Espero baino askoz hobeto aritu gara” – Franz Tost

Denbora horretaz gain, gaurkoan Vettel bera izan da itzuli gehien osatu dituena, guztira 142 itzuli borobilduz. Goizeko tenperatura hotzetan lortu du alemaniarrak bere denbora hori, pista azkarren dagoen unean. Bere atzetik Carlos Sainz dago denbora taulan, honek ere goizean egin duelarik bere marka, baina aurten debuta egin duten pneumatiko ultrabiguinekin. Motore aldaketak denbora gutxi utzi dio taldeari autoaren beste arloetan nahi adina sakontzeko, baina Franz Tost taldeko zuzendariak adierazi duenez, harro egon daitezke: “Gaur esan dezaket auto berriarekin, hilabete gutxi batzutan diseinatu eta eraiki duguna, espero baino askoz hobeto aritu garela, batez ere sendotasunaren ikuspegitik”.

Argi gorria

Argi gorria

Felipe Massak oso pozik amaitu du eguna, eta orokorrean proba saioen astea. Lasterketa simulazioak egiten aritu dira goizean, eta arratsaldean bakarrik egin dute egunero ohitura bilakatu duten sailkatze simulazioa. Ferrariren pneumatiko mota berdinarekin egin du, eta haiengandik 0,8 segundura amaitu du. Australian erabili nahi zuten mutur berriak ez ditu FIAren talka frogak gainditu, eta beraz lasterketa batzuk beranduago egingo du debuta.

Gaur, ordea, Mercedesek izandako arazo bat nabarmendu behar da. Hamiltonek, zortzi egun hauetan 638 itzuli eman eta gero, boxetako zuzengunean utzi behar izan du autoa transmisio arazo batek behartuta. Egungo munduko txapeldunak sailkapen itzuli simulazio bat nahi zuen, taldean aukera hori aztertu zutelako, baina ez diote horretarako baimenik eman eta Mercedes W07 autoaren benetako maila jakin gabe utzi gaitu. Guztien aurretik daudela jakina da, baina… zenbateraino?

Pascal Wehrlein - Manor

Pascal Wehrlein – Manor

Itzuli azkarra bilatu duten beste batzuk Force Indiakoak dira. Baliabide gutxirekin dabiltza azkenaldian, eta Vijay Mallya nagusiaren inguruan beti dabil ustelkeria kasuen itzala. Desegonkortasun horrek ez die pistan laguntzen, baina lan ona egin dute bestelakoan. Sergio Perezek super biguinak erabili ditu Massaren denbora ia berdintzeko. Hala ere, egun osoan itzuli gutxien eman dituenen artean egon dira, 60 bira eskas osatu baitituzte. Manor-eko Rio Haryanto bakarrik gelditu da laburrako, bi itzuli gutxiago emanda.

Ohituta gauzkaten bezala, Mercedesekoek ez dute denbora miragarririk bilatu, eta ezta RedBullekoek ere. Daniel Ricciardok eman die amaiera bi proba asteei, sendotasunean gora eginez baina denborak ezkutatuz. Jakina baita RedBull ez dela neguan erakustaldiak ematearen zale, eta Australian beti dabiltzala Bartzelonako neguan baino hobeto.

2016-03-04_f1today

Bi aste bakarrik falta dira Australian debuta egin dezaten. Izan ere, hemendi bi ostiralera saio libreak izango dira Melbournen. McLarenek, Mercedesek, RedBullek eta Williamsek pieza berriak izango dituzte, ia beste guztiek bezala. Hemendik aurrerakoak lantegian probatu beharko dituzte. Eta batez ere, martxoaren 20an.



Comments are closed.