Zortzi egun eta datu asko

Bi aste eta zortzi eguneko lanen ondoren, datu mordoa utzi dituzte auto guztiek. Onartu behar dut bilatzen nituen datu guztiak ez ditudala aurkitu. Ez da nahikoa gidari batek egin duen denborarik onena, eta ezta zein pneumatikorekin lortu duen ere. Hala ere, datu hori ezer ez izatea baino hobea da, eta horregatik itsatsi dut ondorengo taula.

2016 BCN probak - Denborak

2016 BCN probak – Denborak

 

Kontuan hartzea komeni den zenbait puntu:

  • Erregai kopurua sekretua da, eta itzuli baten denboran duen eragina oso handia da.
  • Goizean pista arratsaldean baino azkarragoa da.
  • Motoreek konfigurazio modu desberdinak dituzte, eta lehen egunetan ez dira %100era ustiatzen. Ustez Mercedesek inongo momentutan ez du topera jarri, hori sailkatze saiorako uzten baitu.

Atera daitezkeen ondoriok badaude, edozein kasutan:

  • Mercedesek bere denbora onenak pneumatiko biguinekin egin du, beste bi biguinago eskura izan baditu ere (Super Biguinak eta Ultra Biguinak). Haien erabakia izan da hori, eta horregatik dago egoera guztiz argitzeke; zein litzateke Mercedesen denbora pneumatiko biguinagoak erabili izan balituzte?
  • Pneumatiko biguinak bakarrik kontuan hartuta, Mercedesek du denbora onena, Nico Rosbergekin. Lewis Hamilton hirugarrena da, ordea. Bien artean sartu da Felipe Massa.
  •  Mercedeseko bi gidariak dira 600 itzuli gainditu dituzten bakarrak.
2016 BCN probak - Kilometroak

2016 BCN probak – Kilometroak

Baina itzuli kopuruez hitzeginda, taula honetan daude guztiak sailkatuta.

Bigarren taldea Toro Rosso dela ikusteak sorpresa eragiten du. Batez ere motore berria dutela jakinda, hura integratzeko hain denbora gutxirekin. Hirugarren dago Ferrari, Mercedesek baino %31 gutxiago emanda. Lehen astea ez zen oso positiboa izan italiarrentzat, batez ere Raikkonenekin arazo dezente izan zituzelako. Horrek zalantzak eragin zituen, baina bigarren astean egoerari buelta eman diote zentzu guztietan, sendotasuna berreskuratuz eta gero ikusiko dugun bezala, denbora txukunak markatuz. Rosberg bera izutu dute denbora horiek.

Aste bat eta bestea alderatzen dituen taula da ondorengoa. Hor ikus daiteke Mercedesek zertxobait gutxixeago korritu duela bigarren astean. Ia kontrako joera erakusten dute gainerako talde guztiek, Haas-ek izan ezik. Hauek balaztatze sistema elektrikoarekin eta turboarekin arazoak izan dituzte bigarren astean, kilometraia asko mugatuz. Iazko proba egunetan osatutako distantziarekin aldera daitezke datuak, baina kontuan hartu behar da iaz hiru saio izan zirela, aurtengo bien aldean.

Barcelona-2016-Distance

Datuen analisi bat

Pirelliren arabera, pneumatiko mota desberdinen artean dagoen denbora tartea Bartzelonan honakoa litzateke:

Ultra Biguina – 0,65 s – Super Biguina
Super Biguina – 0,5 s – Biguina
Biguina – 0,95 s – Ertaina

Alde horiek kontuan izanda, bestelako sailkapen alternatiboa ateratzen da:

Denborak orekatuta

Denborak orekatuta

Hemen bestelako itxura dute datuek, Mercedesengandik oso gertu ikusten baitira Williams eta Ferrari, baina are bitxiagoa da ingeleseak direla bigarren daudenak, italiarren aurretik. Datuak kontuz hartu behar dira, taldekideen artean ez baita logikoa hainbesterainoko aldeak daudela pentsatzea.

Baina bada beste datu bat lehen bistaizoan agertzen ez dena. Raikkonenek ostegunean egindako itzuli bat ekarri zuen gogora Maurizio Arrivabene zuzendariak: “Kimik bere itzulirik onena pneumatiko ultrabiguinekin lortu du (1m22,765s) baina gehien txunditu nauen itzulia biguinekin egin duena izan da (1m23,009s)”. Hauxe da denborak nola irakurri behar diren erakusten duen adibide aparta. Lehenik eta behin, proba saioetako datu guztietara sarbidea izan behar da eta zaila da hori lortzea. Guztira eman diren 8968 itzulien denbora jakin behar da, zein pneumatiko mota zeraman bakoitzean, eguneko zein ordutan izan den eta zenbat itzuliko tandan osatzen ari zen, erregai kargaren ideia lauso bat izateko.

“Gehien txunditu nauen itzulia biguinekin egin duena izan da (1m23,009s)” – Maurizio Arrivabene

Baina daturik zabalduena egunaren amaieran argitaratzen diren “denbora onenen taulak” izaten dira, eta hor datu asko falta dira. Kasu honen azterketarekin jarraituz, hor ikusten da pneumatiko mantsoagoarekin lortu duen denbora bikaina dela, eta ultra biguinekin 0,65 segundu hobetu izan balitu askoz aurrerago legokeela. Ez da bere denbora onena kontuan hartu behar dena, beraz.

2016-02-26 Nico Rosberg W07 BCNBadirudi Rosbergek ere Ferrariren arrisku horri adi-adi jarraitzen diola, hark esandakoek hala erakusten baitute: “Talde guztiek dituzte euren estrategia adituak, beraz badakigu gutxi gora behera zenbat erregairekin dabiltzan beste taldeak eta haiek ere badakite gure erregaia. Eta badakigu gutxi gora behera nola gauden Ferrariren aldean, horregatik diot gauzak estu daudela zalantzarik gabe. Baina ez dakigu ziur haien aurretik edo atzetik gauden”.

Kosta egiten da hori horrela izango dela sinistea, baina alemaniarrak dioena egia baldin bada, bi gauza erakutsiko lizkiguke. Batetik, datuak irakurtzeko dituzten baliabideak guk geuretzat nahiko genituzkeela. Eta bestetik, Australian uste baino ikuskizun ederreagoa izango dugula.



Comments are closed.