Max attack: zergatik behar dugun

Verstappen burnoutMax Vertsappenek bigarren urtea du 1 Formulan. Hala eta guztiz ere, urte askoz gehiago daramatzaten gidari batzuk baino zeresan gehiago ematen ari da. Nork daki zenbat urtez aritu den Esteban Gutierrez? Ez dut mexikarra gutxietsi nahi, baina niri ere kosta egiten zait haren joan-etorria gogoratzea. Bi urte eman zituen Sauberreko gidari 2013 eta 2014an, eta iaz Ferrariren proba gidari izan ostean, aurten itzuli da Haasekin lasterketetara. Edo Marcus Ericsson? Gogoan al du inork 2014an Caterhameko gidari izan zela? Iaz fitxatu zuen Sauberrek eta aurten ere han darrai. Kasualitatea ote Sauber izatea guztiek amankomunean?

Galdera horien erantzunak sarrera honen helburua desbideratu baino lehen, Max Verstappenen kasura itzul gaitezen. Hautsak harrotu ditu bere gidaketagatik eta are gehiago bere odol beroagatik. Ulertu behar da 18 urteko mukizu bat besterik ez dela, haren adineko ohiko ezaugarriekin. Hutsak egin ditu bai pistan eta bai mikrofonoetan. Askotan nahastu egin ditu bere onura partikularra eta atzetik duen lan talde itzelak egindako esfortzua. Horretan Helmut Marko da non dagoen eta norentzat lanean ari den argitu behar diona, Verstappen oso berekoia baita. Izatekotan, autotik botatzen dituen komentarioak taldeari egindako proposamenak izan behar lukete.

2015 Brazil Perez HulkenbergAurreraketak egiteko unean bere agresibitate hori oso baliagarri zaio, ikusgarriak baitira. Oso urrunetik egindako erasoak izan dira, gogoratu bestela iaz Txinako Sari Nagusian Marcus Ericsson (hara!) aurreratu zueneko hura, edo lasterketa berean Sergio Perez-i egin ziona. Zer esanik ez, denboraldi amaiera aldera Brasilen Sergio Perez-i berriro egin ziona txapela kentzeko modukoa izan zen. Iaz Renault motorea izan zuen Toro Rosso taldeak eta haien esanetan horrek asko atzeratu zituen. Aurreraketak egiteko unean zailtasunak eragiten zizkien horrek, potentzia aldetik ez baitzegoen Mercedes edota Ferrariren pareko.

Haserrea taldearekin

Asteburu honetan bere etsipena aireratu zuen irrati komunikazio bidez. Verstappen Sainzen aurretik zen lasterketan, eta normalean aurretik doan gidariak izan ohi du lehentasuna boxetara sartzerakoan. Holandarrak boxetara sartzeko eskatu zuen baina ez omen zuen erantzunik jaso, eta espainiarra artatu zuten haren aurretik. Verstappen hurrengo itzulian sartu zenean, pneumatikoak ez zeuden prest eta denbora ederra galdu zuen. “Zenbat aldiz esan dut pneumatikoekin arazoak ditudala? Nik gelditu nahi nuen lehenengo!”. Baina hori hasiera besterik ez zen izan. Hortik aurrera gozoak bota zituen. Lehenengo Sainzek mantsotu egiten zuela eta pasatzeko uzteko eskatuz. Sainzi itzuli bat eman zioten Jolyon Palmer aurreratzeko, bestela posizioa ematera behartuko omen zutelako.

Hurrengo itzulian gauzatu zuen aurreraketa, baina Verstappenek gauza bera egin eta espainiarrarekin egin zuen topo berriro. Gozoak bota zituen orduan Verstappenek: “Lasterketa guztia aurretik egin dut beregandik [Carlosengandik] urruntzen eta orain ez didazue aurreratzen uzten! Hau adarjotze **** bat da!”. Lasterketaren ondoren taldearen politikari buruz galdetu zioten, etorkizunean aginduak alde batera uztea aztertzen ari baitira: “Egia esan ez dakit eta ez zait axola. Normalean [Carlos Sainz baino] askoz aurrerago egon beharko nuke. Ez luke arazorik egon behar”. Umiltasun eredu da gizona.

Mugak haustearen beharra

michaelschumacher_juanpablomontoya_interlagos_2001_2[1]Kontrolatuegia dagoen 1 Formula honetan Max Vertsappenen lotsagabekeria eskertzekoa da. Beti ere segurtasunaren barruan, Romain Grosjeanekin Monakon gertatutako errepika ez dadin, baina freskotasun horri ateak itxi gabe. Juan Pablo Montoya, Gilles Villeneuve, Jean Alesi… Ez ziren inoiz munduko txapeldun izan, baina haien gidaketagatik beti gogoratuko ditugu. Pneumatikoak kea dariela, galga diskoak gorri-gorri, motorea azkenera arte eramanez ‘overtake‘ (aurreraketa) botoia zapalduz, pistaren mugak arakatu, itsaspena eta irristaketaren arteko marra estuaren gainean dantza egin, beste autoarekin ukitu baino gehiago igurtzi… eta ez dadila hor amaitu.

Irrati komunikazioek gizatasuna eman diete ostera auto bateko pasaiari soil zirudien horri. Kaskoaren barruan pertsona bat dagoela gogora arazten du, bere tentsio guztia aireratuz. Kolorea ematen dio lehiari, gidari bat gustuko edo ez-gustuko bilakaten du. Niki Laudaren eta James Hunten artean bezala. Ayrton Sennaren eta Alain Prosten artean bezala. Max Verstappenek adoreaz gain abiadura duelako, sekulako etorkizuna duela dirudi. Aurten badu hori erakusteko aukera. Ea ahotik erakutsi duen indarra bolantearen maneiuan berdintzen duen.

Iazko aurreraketa onenaren jaso zuen FIAren sari emate ekitaldian Belgikako Sari Nagusian Felipe Nasr-i (Sauber berriro…) eginikoagatik.

 

 



Comments are closed.