Seigarren eguna (ez dago bosgarrenik)

Sauber C35 BCN

C-35

Ez bilatu bosgarren egunaren laburpena. Atzokoa eta gaurkoa sarrera bakar honetan laburbilduko ditut. Atzoko berritasun nagusia Sauber C35 autoaren lehen itzuliak izan ziren. Monisha Kalterborn taldeko zuzendariak erabaki okerrak hartu zituen iaz, batez ere bi gidari baino gehiagorekin sinatu zutelako kontratua, eta hori errutik ordaindu behar izan zuten suitzarrek, Guido van der Garderi kalte ordain handi batekin amaitu zena. Hortik aurrera taldearen kontuek hartu zuten beheranzko joera hartu zuten emaitzek ere. Zoritxarrez aurtengo autoak iazkoaren traza handia dauka, berandu iritsi da gainera, eta orain arte erakutsi duenaren arabera, emaitzek lehengoan jarraituko dute.

STR11

STR11

Bigarren nobedadea Toro Rossoren margolana izan zen, urte honetan erabiliko duena. Aurreko astean urdin ilunez aritu ostean, asteburuan kolorea jaso du. Ohikoa itxura hartu du honela, edari energetikoen eskema mantenduz eta anaia nagusi den RedBullengandik kolore bakan batzutan desberdinduz. Atzo Max Verstappenen txanda izan zen eta gaur Carlos Sainzek hartu du erreleboa. Zaila dago une honetan autoaren maila zehaztea, emaitzek ez baitute berebiziko dizdirarik. Motore aldaketak jauzi handia ematen lagundu behar lioke, baina Ferrari erabiltzeko aukera eta kontratua oso berandu azaldu zenez, integrazioan konpromezuzko erabaki hartu behar izan zituzten.

Aurrealdean ez dago inolako aldaketarik. Mercedesek bere posizio agintarian darrai, egunero bi gidariei aukera emanez. Bazkalorduan egiten dute aldaketa, baina bakoitzak programa desberdina osatzen du. Biek ala biek sekulako itzuli kopurua osatzen dute autoa eskura duten lau ordutan. Atzo 172 itzuli osatu zituen Mercedes W07 autoak bien artean, azkarrena Rosberg izan zelarik. Hori bere horretan albiste ez denez, aipagarriagoak direnetara joko dut. Adibidez, McLarenek telemetria datuak galdu zituen Alonsoren autoan, eta sistema reseteatu behar izan zuten bazkalorduan. Ferrariko Raikkonenek ere arazoak izan zituen, baina honen kasuan aldagailuarekin. Hala ere, saioaren amaieran adierazi zuenez, ez zen kezkatzeko moduko matxura.

2016-03-01_f1today

Taularen behekaldean ikus daiteke Manor eta Haas taldeentzat ez zela egunik onena izan. Bada, zoritxarrez, Haasek gaur are egun okerragoa izan du, turbo unitatearekin arazoak izan baititu. Itzuli bakar bakarra eman ahal izan du Esteban Gutierrez mexikarrak, eta horrelaxe amaitu du bere prestaketa denboraldi aurre honetan, bihar eta etzi Romain Grosjeanen txanda izango baita (autoaren baimenaz). Hona hemen gaurko denborak:

2016-03-02_f1today

Gaurkoan Bottas izan da azkarrena, horretarako pneumatiko ultrabiguinak erabilita. Eguneko azken unetan hasi dira itzuli bakarreko abiadura bilatzen, orain arte tanda luzeetan aritu ondoren. Honela bakarrik gainditu ahal izan du Hamiltonen denbora, baina Mercedesekoak pneumatiko biguinekin lortu du denbora hori, mantsoagoak direnak. Carlos Sainzek 772 kilometro osatu ditu Toro Rosso autoan, eguneko maratoilari bilakatuz. Vettelek egun hobea eman dio Ferrariri, atzoko egun txarra zertxobait orekatuz. Buttonek 100 itzulitik gora egin ditu gaur, eta McLarenek iazko ERS arazoa konponduta daukala ziurtatu du Eric Boullier-ek.

Eguneko bandera gorri bakarra Marcus Ericsson suediarrak eragin du, pistatik irten denean. Bere lehen eguna zen C35 auto berriarekin, atzo Felipe Nasr-en txanda izan baitzen. Autoak iazkoak zituen hutsune gehienak konpondu dituela ziurtatu zuen, baina oraindik asko du erakusteko benetan hala dela sinesarazteko.



Comments are closed.