Charles Leclercek urteko laugarren pole-a lortu du Bartzelonan, denborek erakusten dutena baino estuagoa izan den saioan. Monakoko gidariak Q3 saioan kale egin du lehen txandan eta presioari aurre eginda denbora bikaina markatu du. Bigarren Max Verstappen izan da, hiru hamarrenekotik gora, baina motore DRS arazoa izan du bere azken itzulian. Ondorioz, bere benetako maila ikusi gabe gelditu gara.
Hirugarren Carlos Sainz izan da, beti bezala aurrekoengandik gertu, baina haiei aurre egin ezinda. Bere aurkari nagusia Mercedeseko George Russell izan da, taldearen errekuperazioaren erakusle. Zilarrezko autoek piskanaka aurrera egiten darraite eta gaur erraz sailkatu dira Q3rako.
Hogeita hamar gradutik gorako tenperaturak izan dira nagusi. Hori dela eta gidari guztiek pneumatiko biguina erabili dute sailkatzeko saio guztietan, biharko pneumatiko ertain eta gogorrak gordez. Izan ere, biguinek ere lanak izan dituzte itzuli oso bat topera irauteko.
Q1 saioa
Lehen saioa bi txandatan osatu dute, bakoitzak bere lehen denbora egin ostean guztiak boxetan egon baitira bigarrenaren zain. Mick Schumacher eta Pierre Gasly kenduta, ia beste inork ezin izan du bere lehen denbora hobetu, eta horrek ezusteko sailkapena eragin du kanporatzen diren azken bost postuetarako. Haien artean izan dira Sebastian Vettel eta Fernando Alonso. Biek ala biek itxaropen asko zuten jarria lasterketa honetan, arrazoi desberdinengatik, baina oso atzetik hasi beharko dute biharko lasterketa.
Q2 saioa
Lehen txandan Mercedeseko gidariek hartu dituzte lehen bi postuak, Ferrari autoek baino denbora hobea eginaz. Gorriek lehen saioko pneumatikoak erabili dituzte lehen txandan, azkenaldian egin ohi duten bezala. Verstappenek ere estrategia bera erabili du, eta horregatik lehen postuetatik urrun gelditu da.
Egoera serioa jarri da bigarren txandan, non Ferrariek ez duten beren aukera behar bezala probestu eta Verstappenek erraz gainditu dituen biak. Sainzek bigarren egin du, baina Leclerc-ek itzulian huts egin eta atzean amaitu du. Norrisek lehen hamarren artean egoteko denbora egin du, baina itzulia ezabatu diote azken txikaneko konoa jotzeagatik. Haas-i ondo atera zaio momentuz autoan eboluziorik ez txertatzeko apostua, bi gidariak sartu baititu Q3an.
Q3 saioa
Lehen denbora esanguratsua Hamiltonek ezarri du, ondoren Russellek gainditu du, Sainzek ondoren eta Verstappenek azkenik, denbora guztiak txikituz 1:19.0.ko markarekin. Hor falta dena Charles Leclerc izan da, azken txikanea azkarregi hartu eta atzealdea galdu baitu. Lehen sektorea Verstappenena izan bada, bigarrena Leclercena zen eta lehia estua izango zuten pole-a lortzeko.
Zorteak trukatu egin dira bigarran txandan. Leclerc atera da aurrena eta denbora guztiak txikitu ditu, bigarren eta hirugarren sektoreak maisuki osatuz. Verstappenek, ordea, motorearen potentzia galera izan du eta ez du itzulia osatu (gero jakin dugu DRS ez zaiola ireki eta horregatik somatu duela indar falta zuzengunean). Sainzek bere lehen txandako denbora hobetu du, baina lehen sektorean denbora gehiegi galdu du, gero errekuperatu ahal izan ez duena. Horri esker, Verstappenek bigarren tokiari eutsi dio. Mercedesek bi autoak sartu ditu Top 6ean, eta hiru talde indartsuenak zein diren argi gelditu da.