Egungo munduko txapelduna da Max Verstappen, nahiz eta autogileen txapelketa Mercedesek eraman zuen. Aurten, Bartzelonako probaren ostean, lehen aldiz jarri da herbeheretarra txapelketa buru. Zalantzarik gabe esan daiteke Red Bull talde bikaina dela edozein gidarirentzat, punta-puntan lehiatzeko. Baina zer gertatzen da bertatik joan ostean? Zein da Red Bulleko gidari ohien patua handik aurrera? Gauza onik ez.
Talde guztiek dute dagoeneko gidari gazte programa bat, gaztetandik gidarien ibilbidea jarraitu, hezi eta 1 Formularako prestatzeko. Badira talde batzuk ibilbide laburra dutenak eta haien kasuan baieztapen hori ez da hain argia. Haas taldeak, kasu, izan zuen 2018 urtean gidari akademia, baina haietako inork ez zuen 1 Formulara jauzia eman, Pietro Fittipaldik ezik. Romain Grosjeanen istripuaren ondorioz, haren tokia bete zuen bi lasterketatan.
Badira kasu bereziak, non gidari akademiako “ikasleak” beste talderen batean lehiatzen ari diren. Kasu hori betetzen du Mick Schumacherrek, Ferrariren akademiako kide izanagatik, Haas taldeko gidaria ere badena. Nolabait argi erakusten du akademiaren helburua: gaztetatik lotuta izatea.
Akademia alor horretan talde indartsurik bada, Red Bull da hori. Aurtengo parrillan dauden 20 gidaritatik, zazpi dira haien akademiatik igaro direnak:
Gidaria | Egungo taldea |
---|---|
Max Versappen | Red Bull |
Sebastian Vettel | Aston Martin |
Daniel Ricciardo | McLaren |
Carlos Sainz | Ferrari |
Pierre Gasly | Alpha Tauri |
Alexander Albon | Williams |
Yuki Tsunoda | Alpha Tauri |
Bertan ikus daiteke une honetan gehiago direla Red Bullen taldeetatik kanpo daudenak, barruan daudenak baino. Ikustagun nola diren Red Bullen esferatik ihes egin zutenak.
Sebastian Vettel
Nola ahaztu lau titulu jarraian lortu zituen gidaria? Sebastian Vettel Red Bull familiako seme maitatuena zen, haien kuttuna. Debuta Sauber-BMW egin zuen, baina Red Bull kasko batekin. Handik gutxira Toro Rosson debuta egin eta emaitza dizdiratsu batzuei esker (Italiako SNko pole eta garaipena batez ere), talde nagusiko ateak ireki zituen. Han pasa zituen bere urterik onenak, 2010 eta 2013 artean tituluak irabaziz.
Motore hibridoen garaia iritsi zen 2014an, V6 turbo eta aldaketa guztiekin. Renaultek ez zuen ondo asmatu aldaketa horietan eta Mercedesen nagusitasun aroa hasi zen. Urte hartan, motoreez gain, taldekide berria izan zuen ere: Daniel Ricciardo. Motore ahula bazuten ere, Ricciardok hiru garaipen lortu zituen, eta Vettelen garaia amaitzen hasi zen taldean. Handik Ferrarira jo zuen, eta italiarrekin izan ziren urte oparo batzuk. Baina batzutan taldearen hutsengatik, bestetan Vettelen hutxengatik, titulua beti Mercedesera zihoan.
Ferrariko azken urteetan Vettelen mailak nabarmen egin zuen behera, eta Red Bullen gertatu bezala, Charles Leclerc gidari gaztea agertu zenean, muturrekoa eman zion pistan. Bere irteera bakarra Aston Martin izan da, non baliabide asko dituen eskura, baina oraindik egituratzen ari den taldea den. Eta Vettelen fokoa aldatu egin da; badaki ez dela munduko txapeldun izango berriro eta horrek beste aire bat eman dio bere bizitzari. Arduratuago dago 1 Formulaz kanpoko arloetan -garrantzia handiagoa dutenak, esan beharra dago- eta erretiroa gertu ikusten zaio.
Daniel Ricciardo
2018an ezustean Renaultera zihoala jakinarazi zuenean, zirt edo zart markatuko zuen bere etorkizuna. Bere zoritxarrerako, handik aurrera bere emaitzak eta prestijioa beherantz joan dira. Zaila da ulertzen Max Verstappeni aurre egiteko gauza izan zen gidari bakarra nola dabilen hain makur McLarenen. Renaulten ongi erantzun zuen, taldearen goranzko joeran lagunduz eta taldekidea (Hulkenberg, Ocon) gaindituz. Frantziarrekin urtebete eskaz zeramala iragarri zuen taldea uztera zihoala McLarenera joateko. Hori denboraldi hasieran gertatu zen 2020 urtean, albistea jakinarazteko oso une arraroan.
Hasieratik, McLarenen asko kostatu zaio autora egokitzea, eta egoera okertu egiten dute Lando Norris taldekidearen emaitza onek. Garaipen sonatua lortu zuen 2021eko Italiako Sari Nagusian, eta horrek egoerari buelta emango ziola zirudien, 1 Formula askotan dinamika eta joera kirola baita. Baina 2022 urtea iritsi eta Ricciardo arrastaka dabil, Norrisengandik segundu erdira askotan. Abiadura galdu al du? Auto mota berezia behar al du? Denbora eta urteak gora doaz, eta dagoeneko australiarrak galdu du “munduko txapeldun” hautagai etiketa. Lehen aukerak zituen talde batera edo bestera joateko. Orain aukera hori badu, baina ez puntako taldeen artean.
Carlos Sainz
Espainiarrak ez zuen ondo irentsi Red Bullek Max Verstappen aukeratu izana 2016an Daniil Kvyat-en ordez. Gogoratu aldaketa hura denboraldia behin hasita erabaki zuela Red Bullek, errusiarraren mailarekin deseroso. Verstappen eta Sainz Toro Rossoko gidariak ziren, baina etorkizun gehiago ikusi zioten herbeheretarrari. Hortik aurrera Sainzek emaitza onak lortu ditu orokorrean, baina beti ere garaipenetik urrun. Toro Rosso, Renault, McLaren eta orain Ferrari.
Ferrarin auto garailea du, bere ibilbidean lehen aldiz. Baina Sainzek aukera asko galdu ditu lehen mailako gidari postua merezi duela erakusteko. Badu abiadura, badu konsistentzia eta badu intelijentzia. Baina puntako gidaria izateko, horiek hirurak muturrera eraman behar dira, eta horrez gain, ez hutsik egin. Azken honetan ari da hanka sartzen behin eta berriro. Horrek ez dio bere sailkapenari bakarrik kalte egiten, eta hori da kezkagarria.
Taldeak bi gidariak behar ditu Red Bullen mehatxuari aurre egiteko. Lasterketan batak bestearen estrategian lagundu behar du, aurkariei erabakiak zailduz eta pistan aurre eginez. Sainzen hutsek Leclerc zaurgarri utzi dute lasterketetan, eta hori baliatu dute Verstappen-Perezek haien estrategiarekin puntu gehiago poltsikoratzeko. Eta horrez gain, Ferrarik puntu gutxiago lortzen ditu espainiarrak galdutako guztien ondorioz.
Alexander Albon
Urte eta erdiz egon zen Albon Red Bull autoa gidatzen, hasieran Pierre Gasly ordezkatuz, eta ondoren bere postua defendatuz. Ez zuen lortu, emaitza oso apalak lortu zituelako Verstappenek garaipenera eta podiumetara eramaten zuen auto batekin. Sergio Perezek ordezkatu zuen 2021 denboraldirako eta denborak erakutsi du ongi hartutako erabakia izan zela. Hala ere, Red Bullek bere harrotasuna albo batera utzi behar izan zuen haien gidari programatik kanpo zegoen gidaria fitxatzeko (Perez).
Alex Albonek Red Bulleko gidari izaten jarraitu zuen 2021ean, taldearen erreserba eta simulatzaileko gidari lanetan aritu baitzen. Horrez gain, lasterketa erritmoa gal ez zezan, DTM kategorian lehiatu zuen Alpha Taurik babesten zuen Ferrari auto batean. Emaitzak onak lortu zituen, tartean podium batzuk eta garaipen bat, eta Red Bullek 1 Formulara itzultzeko laguntza bideratu zion.
Ondorioz, aurten Williams Mercedes taldean eserlekua lortu zuen. Alde batetik, autoa ez da aurrean lehiatzeko modukoa eta horrek emaitza onak lortzeko itxaropen gutxirekin utzi du. Baina bestetik, taldean hirugarren urtea duen Nichola Latifi aise gainditzen ari da, eta dagoeneko lortu ditu taldearentzat hain garrantzitsuak diren puntuak. Red Bulletik atera diren gidari guztien artean posturik txarrena badu ere, urte onena izaten ari dena Albon bera dela esan daiteke.